XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Homiliarako argibideak Hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien: Har ezazue Espiritu Santua.

Jesusek ematen duen Espirituak gizaki berri, espiritu, egiten ditu ikasleak: Haragitik haragia jaiotzen den bezala, Espiritutik espiritua (Jn 3, 6).

Gizakia espiritu bihurtzea Jesus Mesiasen lana izan da: Jainkoaren seme-alaba izateko esbubidea eta ahalmena eman dizkigu bere nekaldi-piztueraz (Jn 1, 12-13).

Geroztik, bere berezko mugak eta maitatzeko ahalmenik eza gainditzeko gauza da gizakia.

Jainkoaren indar den Espirituak egiten gaitu, Jesusek bezala maitatzeko gai (Jn 13, 34).

Egun honetan bete da Juan Bataiatzaileak aurrez iragarria: Hau da Espiritu Santuaz bataiatuko duena (Jn 1, 33).

Zerutik Jesusen gainera jaitsi zen.

Espirituak, gurutzean Salbatzaileak eman zuen arnasak (Espirituak) giza-elkarte berria, Jainko seme-alaben elkartea, sortzen du gaur: uretik eta Espiritutik jaiotakoen elkartea (Jn 3, 5).

Zuek pekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie.

Jesusen lana jarraitzen du ikasleen elkarteak.

Horretarako eman zaio Espiritua.

Munduaren aurrean aitormen egitera bidaltzen ditu; Jesusek bezala, Aitaren egintza berak egitera.

Ikasleen aitormenarekin Jesusenarekin bezala gertatuko da: batzuk onartu egingo dute, eta Jesusi itsatsiko zaizkio; beste batzuk gaitzetsi egingo dute, maitasunari ezezko borobila emanez; ikasleei bizia kentzeraino iritsiko dira.

Ikasleen elkartearen zeregina ez da gizon-emakumeak epaitzea; Jesusen eginkizuna ere ez zen izan inor epaitzea.

Kristau-elkartearen zeregina Jainkoaren maitasuna munduaren aurrean hedatzea da; maitasun horren aitormena bizia eskaintzeraino ematea.

Ikasleen eskaintzaren aurrean gizaki bakoitzari dagokio aukera egitea: gizakiaren alde jartzea edo gizakia lotzen eta ondatzen duten bidegabekerien alde jartzea.

Ilunaren eta argiaren aukeran datza epaia; norberak bere buruari damaio epaia.